Jose Luis Ansorena Miranda 1928 – 2019

Gaur 2019ko maiatzaren 1ean hil da Iruñean Jose Luis Ansorena Miranda.

Jose Luis Ansorena Miranda Donostian jaio zen 1928an. Harmonia, konposizio eta piano ikasketak egin zituen Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin Donostiako Musika Kontserbatorioan. 1942an, Altsasuko Kaputxinoen Apaizgaitegian sartu zen, apaiz eta musika ikasketak tartekatzeko. 1953an apaiz ordenatu zuten eta ondorengo urteetan hiru koru zuzendu zituen Iruñean, Zaragozan eta Errenterian.

Organo-jotzaile lanetan aritu da apaiz lanetan izan den leku guztietan. Euskal musikarekin zerikusia duten musikagileei buruzko ikerketa ugari egiteaz gain, artikulu, liburu edo katalogo asko idatzi ditu, hala nola, Aita Donostiaren biografia, txistua eta txistulariei buruzko monografia eta baita N. Almandoz, Jose Maria Usanditzaga, Pablo Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak ere. Musika erlijioso eta koru musikaren sortzailea da.

Errenteriara iritsi ondoren, Andra Mari Abesbatza eta Parrokiako Gaztedia sortu zituen 1966an. Garai berean Karnaba Zortzikotearen zuzendaria izan zen. 1967an Orereta haur korua sortu zuen; 1972an Alai emakumezkoen zortzikotea, eta 1976an Oinarri gazte korua. Euskal musikagileek sortutako musika hedatzeko asmoz, Musikaste jaialdia sortu zuen Errenterian 1973an. Ondoren, 1974an, Eresbil Euskal Ereslarien Bilduma, gaur egun, Musikaren Euskal Artxiboa, sortu zuen Errenterian, euskal musika ondarea gordetzeko asmoz. Gorago aipatutako erakunde hauetan guztietan egin duen lan adoretsuak Errenteria erreferente bihurtu du musika arloan, interpretazioan ez ezik, Euskal Herriaren musika ondarearen kontserbazio eta hedapen lanetan ere.