Errenteriako ORERETA Abesbatza onartua izan da Txinan egingo den 2010 Munduko Abesbatzen Lehiaketan

Errenteriako Andra Mari Kultur Taldeak pozik hasi du 2010 urtea eta oraingo berri onak elkarteko ORERETA haur taldearen eskutik datoz. Gipuzkoako koru gazteak Munduko Abesbatzen Lehiaketako Antolatzaileen idazkia jaso du uztailaren 15 eta 26 bitartean Txinako Shaoxing hirian ospatuko den Munduko Koru Txapelketan parte hartzeko hautatuak izan direla adieraziz.

Antolatzaileen Batzordearen idazkiak gainera bigarren albiste ona zekarren. Lehiaketaren komite teknikoaren balorazioaren arabera Errenteriako Orereta Abesbatza “goi mailako” taldeen artean sailkatua izan da hiru modalitate ezberdinetan parte hartzeko, “Haurren taldeak”, “Eliz Musika” eta “Folklorea”. Beraz, gipuzkoarrek ez dute lehiaketaren klasifikazio faseetan parte hartu beharrik.

Antolatzaileen arabera Errenteriako Orereta Abesbatzak lehiaketan zuzenean eta ate nagusitik sartzeko baldintzak betetzen ditu. Hau da, Munduko Abesbatzen Lehiaketak homologatuak dituen lehiaketa zirkuituan emaitza minimo bat lortu izana. Zentzu honetan, Orereta abesbatzak Kataluniako Cantonigros Lehiaketan lortutako sariak (2005 eta 2009 urteetan) eta 2007an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan lortutako puntuazioak bere alde ditu. Honetaz gainera, komite teknikoak gure abesbatzaren kurrikuluma eta grabazioak aztertu ditu.

Andra Mari Kultur Taldeko presidenta, Mari Carmen Garmendiak pozik hatu du albistea eta “Andra Mari elkarteko harrobian haur eta gazteekin diharduten arduradun artistikoen lana bereziki txalotzen duelako. Bide batez, guk ere Oreretako haurrak eta haien zuzendaria, Imanol Elizasu zoriondu nahi ditugu”.

Elizasuren ustetan “munduko lehiaketa eskola izugarria izango da guretzat. Badakit gure erantzukizuna orain handia dela baina aldi berean aukera paregabea izango da kontinente ezberdinetako kulturak gertutik ezagutzeko. Haurrak pozez beterik daude”.