ANDRA MARI ABESBATZAK HAYDN-EN NELSON MEZA EGINGO DU DONOSTIAN

Datorren igandean, urriak 14, Koruko Andre Maria Musika Kaperak eskainitako kontzertu denboraldia hasiko da Donostian, eta 2018-19 ikasturtean zehar Gipuzkoa osoko abesbatzak gonbidatzeko asmoa daukate.
Denboraldia estreinatzeko lehenengo kontzertua Errenteriako Andra Mari abesbatzarekin lankidetzan antolatu da. Korua eta Musika Kapera donostiarra elkarrekin ariko dira Franz Joseph Haydn (1732-1809) musikagilearen meza ezagunenetako bat egiten: Missa in Angustiis, edo Nelson Meza ere deitzen dena. Bakarlari ariko dira Jone Martínez, Lucía Gómez, Ariel Hernández eta Jesús García, denak ere Andoni Sierraren zuzendaritzapean.
Haydnek 14 meza egin zituen, eta horien arteko azken seiak maisu lan kontsideratzen dira.
Nelson Meza hau sei horietako bat da. 1798ko irailaren 15ean estreinatu zen, eta goitizen hori jarri zioten egun batzuk lehenago, abuztuaren 1ean hain justu, Napoleonen osteek ikaragarrizko desegigoa pairatu zutelako Niloko gudaldian almirante ingelesaren eskutik. Nelsonek berak entzun omen zuen 1800 urtean meza Esterhazy jauregira egindako bisita batean, eta horrek, jakina, lanaren goitizena finkatzen lagundu zuen.
Nolanahi dela, Nelson Meza Haydnen lanen arteko ezagunenetako bat da. Andra Mari Abesbatzak 2017ko Musika Hamabostaldian abestu zuen eta datorren igandean berriro entzun ahal izango da musika lan miragarri hau.
Leihatilak irekiak izango dira Koruko Andre Mariaren basilikan urriaren 11tik aurrera, 10:30etik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara.