Bi zilarrezko domina, domina bana parte hartu dugun haur koruen txapelketan eta folklore atalean, horra hor Andra Mari Abesbatzaren koro gazteak Orereta Abesbatzak lortu duena jada Shaoxingo hirian, Txinan egiten ari diren Word Choir Games 2010eko munduko abesbatzen olinpiadetan. Pozik eta arro egoteko arrazoiak ditugu, inor baino gehiago neronek gazte talde honen buru naizen neurrian, 28 orduko bidaia ondoren, 6-7 ordu lo egin (lo egin ahal izan zuenak…), eta egun horretan bi froga akustiko, bi lehiaketa..hemengo eguraldiarekin (Kriston beroa..) taldeak oso ondo erantzun zuen, zoragarri! arratsaldeko lehiaketan (Folklorean) nekea nabariagoa izan zen.
Eta, lagunok hau irakurtzen duzuenean gu Shangaiko bidean izango gara, gaur uztailaren 20an Shangaiko Expon goizean eta Shangaiko hirian arratsaldean abesten baitugu. 2010Word Choir Game lehiaketan parte hartzeaz gain, Andra Mari Abesbatzaren haur eta gazte koroak Txinako bidaia baliatuko dugu beste bi emanaldi eskaintzeko Shangain; horrela, Orereta Abesbatzak gaur goizean (uztailak 20) , Shangaiko Expon abestaldia eskainiko dugu Bilboko Pabilioian; eta egun bereko arratsaldean emanaldia emango dugu hirian Shangaiko Euskal Etxeak antolatuta.
Giro izugarria dugu Shaoxingo hirian, ezta gutxiagorako ere, mundu osoko 472 abesbatza elkartu gara hemen eta esan behar dizuet gure lehengo bi txapelketak zoragarri joan zaizkigula. Ez da txantxetakoa hemen dagoen mailarekin haur koroen atalean lehen zilarrezko domina lortzea. Indonesiako Karasgturi Choir abesbatzak irabazi zuen atal horretan eta hori izan zen bidai ondoren, oraindik iritsi berriak ginean, uztailaren 17ko goizean, egin genuen lehen emanaldia.
Arratsaldean, folklore atalean lehiatu ginen, zilarrezko domina lortuz honetan ere. Arestian aipatu bezala, arratsalderako nabaria zen nekea gure 45 neska mutilen artean, hala ere bere onena eman zuten eta horra hor emaitza. Indonesiako beste koro batek, Vocalista Angels izenekoak irabazi zuen urrea Word Choir Games hauetan. Kirolean parte hartzea omen da inportanteena, hemen abesbatza erakustaldi honetan hori horrela da benetan. Hemen abestea bera saria da. Are gehiago gauzak ondo ateratzen direnean.
Esan nizuen moduan, euskal errepertorioa izan dugu nagusi haur koroen eta noski- folklore ataletan. Haur koruen atalean Bi Bihotz (Junkal Guerrero), Táncnóta (Zoltán Kodály), Alami (Josu Elberdin), Oihu hau (David Azurza) abestu genituen eta Word Choir Games-eko foklore atalean: Pasayan Xexenak (Tomas Garbizu), Tirikitauki (David Azurza), Xulufraia (Xabier Sarasola), Euskal Jokoak (Javier Busto).
Hurrengo batean kontatuko dizuet Shangaiko abentura, Expon eta hirian abestea. Ez ahaztu datorren 25an, Santiago egunean abestuko dugula musika sakroaren atalean Shaoxingo abesbatzen olinpiadetan.
Shaoxing, Txinatik, 2010eko uztailaren 20an Imanol Elizasuk (Orereta Abesbatzaren zuzendaria) idatzia.