Nerea Azkona eta Marta Burgos izan dira aurtengo Jose Luis Ansorena Bekaren irabazleak

Laugarren urtez antolatu dugu beka hau emateko lehiaketa Andra Mari Abesbatzak eta Musikenek (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia), Errenteriako Udalaren laguntzaz, bi helbururekin: batetik, musikari gazteak laguntzea, batez ere goi-mailako ikastaroetan daudenak, eta, bestetik, euskal kulturaren ondarea ezagutaraztea, edo ondarea hornitzen jarraitzea, berriak izan daitezkeen musika-lanen bitartez.

Helburuak horiek izanik, deialdia Musikeneko Master mailan diharduten ikasleentzat egiten da eta lehiaketan, bakoitzaren saioan, derrigor interpretatu behar izaten dute euskal musikaren obra bat.

Musikenek aukeratutako ikasle onentsuenak izan ziren lehian, martxoaren 9an, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren egoitzan. Zazpi partaideen emanaldiak entzun ondoren, epaimahaiak bi onuradun izendatu zituen: Nerea Azkona Galarraga harpa jotzailea donostiarra eta  Marta Burgos Rueda klarinete jotzaile alhaurindarra (Alhaurin el Grande -Malaga). Beraz, saria partekatua izango da aurtengo edizioan.

Sariak 2.000 euroko beka eta Errenterian kontzertu bat emateko konpromisoa dakartza. Kontzertu hori  emateko eguna dagoeneko izendatu da: apirilaren 20an izango da.