2006, irailak 5

Suziri zaparrada amaitzeko

Medioa: BERRIA

Kritikaria: ARKAITZ MENDOZA

Wagner entzun eta berehala zerbait iskanbilatsua datorkigu burura. Aurtengo Hamabostaldi mamitsu hau ixteko kalitate nabarmeneko musikari eta abeslari zerrenda aurkeztu zen. Juanjo Menaren zuzendaritzapean, musikarien ekarpena zitala izan zitekeen, benetako kontaketa-pasadizo bizia gogo handiz jarraituz.

Lehen begiratuan, harrera metalen taldetxoan genuen, Wagnerren musikan duten garrantzia medio dela. Bikain aritu ziren kontzertu osoan, orkestrako euskarria zirela. Juanjo sentikor azaldu zen horien rola ia ferekatuz. Tinbala ere dotore ibili zen, arreta handiz, tentsio uneetan funtsezko osagai izanez.

Andra Mari eta Easo abesbatzak ez ziren nahastuta azaldu taularen gainean, baina bai lehenengo ekitaldian zein hirugarrenean talde-lanean aritu ziren. Aipatzekoa da hirugarren ekitaldi hasierako mutilen kantu hotsa. Adorez beteta eta irtenbide argiekin (garrasiez baliatu gabe) egundoko sendotasuna eta heldutasuna azaldu zuten. Goranzko bidean doaz bi abesbatzak eta dituzten lehengaiei geroz eta etekin hobea ateratzen ari zaizkie.

Abeslari bakarlarien zerrendak ez zituen gorabeherak eduki, denek maila ezin hobean aritu baitziren. Bat edo beste izendatzeko, Jorma Silvastik, Erik ehiztariaren rolean, goi mailako baritonoa dela egiaztatu zuen; ahots fina edukitzeaz aparte, hain zaila den biribiltasuna ederki asko lortu zuen. Gure harrobitik azaleratu ditugun Angel Pazosek eta Francisca Beaumontek lan isila baina emankorra bideratu zuten. Herbeheretar gisa, Dohmen baritonoak eremu grabeak menperatzen dituela frogatuz, Senta neskatxaren bihotza eskuratzeko aria, erruki kutsuz interpretatu zuen. Eva Johanson sopranoak eta Philip Kang baxuak (Daland marinela), Wagnerren musikaren zailtasunak erraz gainditu zituzten, euren hasierako fraseatze zalantzatsuak gaindituz.

Gozatzeko kontzertua izan zen zalantzarik gabe, entzuleriaren aditasuna pozgarria izanik aurtengo hamabostaldi bete honetan. Maila handiko artistak eta planteamenduak egitura argi baten isla dira, eta musika artelan miresgarriak gozatzeko aukera anitz izan dugu, azken urtetan hain doia izan ez dugun Hamabostaldi izugarria ederretsiz.