2006, apirilak 24

Ospakizuna

Medioa: GARA

Kritikaria: Maite IDIRIN

Baionako Orkestra hogeita hamar urteak ospatzen ari da, eta horretarako Beethovenen obra monumentala den bederatzigarren sinfonia hautatuz Biarritzen lehen aldiz eman dute. Jende asko etorri zen. Izan ere, obra hori zuzenean entzutea ez da erraza eskatzen dituen baldintzak betetzea zaila delako.

Beethovenek gazterik ezagutu zuen Schiller poetaren “Alaitasunaren Oda” eta berehala gogo bizia sentitu zuen poema hori musikatzeko. Hogeita hamar urteren buruan atxikirik azkenean burutzera ailegatu zen. Bere buruan itzuliak eta itzuliak emanez sinfoniaren egitura bera berritzera heldu zen korala eta solistak integratuz.

Adierazi dugunez, obra hau errepresentatzeko baldintza batzuk behar dira, eta horietariko bat orkestra handiaren beharra da. Baionako orkestra, ordea, atzo 55 musikarirekin aurkeztu zen eta txikiegi gertatu zen batez ere korden eremuan. Lehenengo joalditik doinu mehegia zela nabari zen, eta laugarren joaldian Andra Mari koral ederraren anplitudea plazaratzean oraino nabariago izan zen doinu lodiagoren falta hori. Egia da Gare du Midi antzokiaren akustika ere ez dela egokiena horretarako. Beste emanaldi batzuetarako konpondu beharko lukete proportzioen kontu hau.

Bestela, esan dezakegu duintasunezko bertsioa entzun genuela Vincent Barthe zuzendariaren eskutik etorria. Lehen hiru joaldiak laugarren joaldia den apoteosiaren prestakuntza direlarik gustu eta espresio handiz interpretaturik egon ziren, eta biolontxeloak, flautak eta fagotak aipatuko nituzke bereziki.

Laugarren joaldian Manuel Tifek zuzentzen duen Andra Mari koralaren lana ezin hobea izan zen kontuan harturik partiturak dituen zailtasunak. Forma onean daude.

Solistek ere, oro har, maila eman zuten. Azpimarratzekoa da sopranoa, tenorea eta baritonoa Asiakoak zirela, eta baritonoak partitura gabe kantatu zuela

Txalo beroak entzun ziren amaieran, eta jendea agurtzera hainbat bider atera behar izan ziren. Baionako Orkestrari hogeita hamar urteak betetzean gure zorion beroenak eskaintzen dizkiogu. Luzez jarrai dezala musika maite dugunon onerako