2006, ekainak 4

Oro doi-doi

Medioa: BERRIA

Kritikaria: Arkaitz Mendoza

Batzuen lan gogotsua, besteen herabetasuna… Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia amaitzeko, aurtengo Mozart omenduaren Meza Handia genuen burutze gisa. Ez urtea itxi, ez orkestraren 25.urteurrena ireki. Dena zintzilik geratu zen. Pixkanaka argitu dezagun herenegungoa.

Ahots bakarlariak bi taldetan bana genitzakeen entzundako beren ahots kalitatea neurtuz: batetik, bi emakumeen esperientzia taulapean jarria, Maria Jose Moreno sopranoa besteen gainetik nabarmenduz, Et Incarnatus est goitik behera mamituz, goxotasunak zailtasuna ezkutatuz. Carmen Oprisanu mezzosopranoak ahots zabala zuen, nahiz eta sopranoarekin zituen duoetan oreka neurria erabat galdu. Bestetik, gizonezkoak; esatekotan, ez dute agerpen nabarmenik obra honetan, baina harritzekoa Joan Cabero tenorraren ahots txikia, benetan oso aproposa barroko aldiko oratorioetarako, baina Mozarten Meza Handia-n orkestrak guztiz irentsi zuen, auditoriumaren erdiko eserlekuetatik larri entzunez. Iñaki Fresan baxuaren garrantzia aipamen gutxikoa izan zen.

Andra Mari abesbatzaren garrantzia aipatzekoa izan zen, amateur mailatik (profesionaltasun ezak lan gogotsu, luze eta astuna behar du honelako obra bat agertokira eramateko) Mozarten Meza duintasun handiz kantatu zuten. Hasiera biguna izan zen, emea, beldurtia (podiumetik zetozen zalantzak medio), baina maila hobetzen joan zen, Et vitam venturi eta Sanctus-eko bi Hosanna fugatoak agerraldiko koroatze unea maisutasunez eutsiz, kontzertuko oinarri edo sendotasun une urriak izanik.

Orkestrak lasaikiro jorratu zuen bere interpretazioa, metal taldearen meza amaierako afinazio arazoak belztura puntu garaitezina bilakatuz. Azken aipamena emanaldiak islatu zuen zapore ezaren motibo edo funtsa liteke: Mandeal zuzendaria. Abesbatzari emandako sarrera gehienak bidatzerditan, begirada partiturari josia, ez zuen Meza Handia, Mozarten obrarik erlijiosoenetarikoa, menperatzen… Ulergarria da musikarien beldurra… oraingo pasartean zer datorkigu… Atsekabea azkeneko kontzertuan… oro doi-doi zegoen.