2015, abuztuak 4

Monozikloa aldapan gora

Medioa: BERRIA

Kritikaria: Arkaitz Mendoza

Larunbatean Donostiako Klasikoa deritzon txirrindulari karrera famatua jokatu zen, eta irabazlearen garaipen uneko ezjakintasunaren irudi zen aurpegi inozoa izan zen albiste. Handik metro gutxitara, Europako musikaririk hoberenek osatzen duten ganbera orkestra ikusgarri bat monozikloan zebilen solte, abilezia handiz. Bi etapa handi burutu beharra zuen Mahler Chamber Orkestrak. Lehenengo etapa hasi bezain pronto iheslari batzuen erasoaldiak pilatzen joan ziren, Sergei Prokofieven 1go Sinfonia-n akorde bortitzak, neurriz gaineko indarrez interpretaturikoak, leuntasun iradokizunekin tartekatuz. Txirrindularien tropelak abiadura handian hasi zuen etapa, zurezko haizeak batez ere. Fagotaren eta klarinetearen esanak gustura puztu ziren, harizko instrumentuak pelotoiaren atzealdean utziz, soinu neurrietan jokoz kanpo. Eskarmentu handiko txirrindulariak genituen Hamabostaldi hasiera honetan, beren hanketan kilometro askoko ikasketa orduak pairatutakoak.

Bat-batean bizikletan zutik jarri eta musikari altu fin bat nabarmendu zen, horra hor Till Fellner piano jotzaile austriarra. Bigarren mailako mendatean protagonista izan zen, ezker-eskuin bihurka zebilen igoeran garbitasun eta fintasun deigarri bat azalaraziz. Beethoven zuzen bat azaldu zuen, erromantizismo kutsu eta su artifizialik gabekoa, garden, polit, edukian oinarrituta. Orduan, taldeko zuzendari genuen Manfred Honeckek podiumetik agindu zehatzak iragarri zizkion etapako iheslari bakarrari: goza ezazu fruitua, ondo elika zaitez, mendatea gogorra baita, gorde indarrak amaierarako. Transmisorean arazoren bat sufritu zuen bakarlariak, Beethovenen Pianorako 1go Kontzertu-ko Rondo-Allegro scherzando pasartean Tellnerren taldekoak abiadura areagotzen hasi baitziren, iheslaria tropelera buelta zedin, elkarrekin musika artikulazio berberean gailurra koroatzeko.

Mozarten Jupiter sinfonian kontzertuko atsedenaldiak berak dakarren anoa-postutik irten berri harrapatu zituen txirrindulariak, erosoegi bigarren mailako mendate hura jaisten, beren saltsan. Lasaitasun giro hura taldeko laguntzaile zen tinbal jotzaileak aprobetxatu zuen arrapaladan instrumentua iskanbilatsu astintzeko. Ez zen bakarrik geratu, segituan tronpeta bikotea gehitu baitzitzaion. Orkestra taldea primerakoa, ezer gutxi kritikatzekoa, baina soinu geruza eder hartan haizea indartsuegi zebilen, hainbat tropeletako txirrindularitza etapa burutzeraino.

Igandeko etapak sekulakoa zirudien. Hasteko, hirugarren mailako igoera bat Joseph Haydnen 93. Sinfonia-rekin, eta guztiz lau-lau diren kilometro batzuk pasa eta gero, eguneko maila bereziko mendatea izango zuten aurrez aurre: Mozarten Meza Handia do minorrean. Zuzendariak podiumetik etaparen hasiera unea adierazi zuen bandera jaitsaldia seinalatu orduko, orkestra tropela guztiz aztoratu zen, flauta parea saltoka, fagota bezperako freskotasunetik urrun, oboea itxurosoago eta hari taldea askoz emankorrago, talde laneko esfortzuak bere neurrian gidatuz. Ordura arte isilpean zegoen txirrindularitza talde bat nagusitzen hasi zen etaparen lasaitasun unean. Zuzendari berri bat gidari lanetan, Andoni Sierra, eta gaztetasuna eta heldutasuna bateratzen saiatzen ari den abesbatza bat. Berriztapen sakonean murgilduta, igoerarik bortitzenean sasoi oneko lehengaiak aurkezten hasi ziren. Talde trinkoa, lidergorik gabekoa, elkarrekin tipi-tapa, portzentaje handiko aldapan gora ikusgarri haiei aurre eginez. Honeckek orkestra tropela zentzu bertikalean tratatu zuen —adibide gisa Miserere pasartea- eta abesbatza gehiegi kutsatu zen, denen egitekoa indarkeria eta handitasun esparruetan bere lekutik atereaz. Iheslari laukotea bikain, bi sopranoen lana goraipagarria elkarrekin burututako galdera-erantzunetan. Gloria atala amaitzean Donostiako bizilagun diren Andra Marikoek txalo zaparradarik handiena jaso zuten: auditorium bete baten isiltasun miresgarria. Etorkizuneko kilometroak indar edabez beteriko bidoiekin gaindi dezazuen opa dizuet, gogoaren itzala adiskide baituzue.