2007, azaroak 2

Kolore eta koreografia anitzen eguna

Medioa: BERRIA

Kritikaria: Xabier Martin

Abesbatzen lehiaketak Tolosan duen indarra ulertzeko, Leidor areto inguruan atzoko moduko egunetan sortzen den jende ilara luzeari begiratzea baino ez dago. 11:00etan da hastekoa Haurren Abesbatzen Lehiaketa, baina ordu erdi lehenago entzuleen errenkadak buelta hartu dio eraikinari. Atera iritsita, kartela leihatilan: «Sarrerak agorturik». Aretora sartu orduko jendea arin-arin dabil eserleku hoberena aukeratzeko asmoz. Familia osoak, bikoteak, gazteak nahiz adinduak. Leidor berria duela urtebete zabaldu zuten, baina oraindik ere mintzagai da. «Txikiagoa duk orain», batek. «Baina gozoagoa», besteak.

11:00 jo dute ekitaldiaren aurkezpen lanetan hasterako. Epaimahaia ere prest dago. Nazioarteko sei kidek aretoaren erdian hartu dute lekua, euren mahaitxo eta argitxo txikiekin, oharrak hartzen hasteko pronto. Beñat Sarasola epaimahaiburuak jendea agurtu du, Aitor Elduaien aurkezlearen mikrofonoan: «Zuek bezala taldeak baloratuko ditugu, baina guk puntuekin».

Halako batean, Girls Choir of Old Town Music House taularatu da. Izen ingelesa izanagatik, estoniarrak dira. Egil Hovlanden O Come, Let Us Sing lehen kantua amaitu aurretik neskato bat korrika joan da taulatik. Aurpegian larritasuna antzematen zaio. Ez alferrik, haurren lehiaketa da hau, eta urduritasunak halakoak eragiten ditu noizbehinka. Junkal Guerreroren Bi bihotz iritsi denean entzun dira txalo gehien. Abesbatza guztiek interpretatuko dute kantu hori, derrigorrezkoa baita.

ERRENTERIAKOAK, ORIGINALENAK. Estoniarren atzetik azaldu da Orereta Abesbatza. Jantzi zuri-beltz klasikoak alboratu, eta koloretsu oholtzaratu dira, elastiko loredunekin. Haiek ere Bi bihotz interpretatu dute, koreografia handiarekin, halaber, baina amaieran jaso dute ikusleen esker handiena. David Azurzaren Habaneras de Carnaval-ekin koreografia ikusgarria egin dute, Imanol Eliza zuzendariaren umorea baliatuz.

Atsedenaldiaren aurretik, Kanadako Cantilon Children’s Choir azaldu da ikusleengana. Haurrak dira, bai, baina aurrekoak baino koxkorragoak. Bi bihotz interpretatzean euskaraz nahiko ongi moldatu dira, baina ez estoniarrak bezain beste. Haiek euskaldunak ematen zuten.

Bigarren zatia hasterako, Hungariako Vorosmarty-Erkel Children’s Choir taularatu da. Mutil bakarra dago, baina mutilen eskasia abesbatza guztien aldagaia da. Eta hauek ere ikusgarri ahoskatu dute euskaraz Junkal Guerreroren konposizioan. Escuderoren Izar ederra ere jator abestu dute eta, hala, ikusleen txalo zaparrada irabazi.

Ondoren, Euskal Herriko beste taldearen txanda heldu da. Gasteizko Luis Dorao Unamuno Abesbatza Pater Noster Xabier Sarasolaren piezarekin hasi da, eta Bi bihotz egitean urre koloreko hautsa erabili dute koreografian, beltza eta urre koloreko euren jantziei funtsa emanez. Txalo eta oihu andana izan da bukatzean, etxean ari dira eta.

Amaitzeko, Errusiako abesbatza agertu da oholtzara, Moskuko Pedagogia Eskolako Abesbatza. Tatiana Leonova zuzendari zorrotza dela erakutsi du berehala, haur batek koreografiarako behar duen objektua behar ez zuen lekuan utzi duelako. Hauek ere euskaraz zoragarri moldatu dira Bi bihotz interpretatzean eta Shumul Shumul azken kantuan koreografia ikusgarria erakutsi dute.

Nork irabazi duen asteburuan emango dute jakitera, baina, dena den, galdera horren erantzunak ez du garrantzi handirik ikusleen gozamen aurpegiekin alderatuta. Haurren ahots eztitsuek Leidor aretoan elkartutakoak asebete dituzte beste behin.