2015, abuztuak 4

Hasteko, filigrana hutsa

Medioa: Argia

Kritikaria: Montserrat Auzmendi

Honenbestez, gure artean dugu Musika Hamabostaldiaren 76. edizioa. Hasi besterik ez da egin, beraz, ditugun espektatiba handiak betetzeke daude. Abuztu osoa dugu aurretik eta, pixkanaka-pixkanaka orkestrak, bakarlariak, taldeak pasako dira eta joango gara jaialdiari tenperatura hartzen. Lehenengo neurketa egin dugu joan den asteburuan, eta esan behar dugu benetan osasuntsua aurkitu dugula aurreneko zita honetan.
Esan daiteke Mahler Ganbera Orkestra ‘kapritxozko’ taldea dela, horrekin ulertzen badugu mundu osoko musikari talentudunez osatutako orkestra bat, munduan zehar birak egiteko biltzen dena. Laburbilduz, zerbait berezi eta kuttuna egiteko joleak batzen dituen orkestra. Eta egia da. Lehenengo momentutik soinuaren gardentasunak txunditu egin gintuen. Baina soinua gardena zela esatearekin ez dugu ezer esaten. Delikadezia berezia zerion interpretazioari, musikarekin ‘dentelle’ moduko bat egingo balute bezala. Eman zuten egitarau bikoitza errepertorio klasikoan kokatu zen, eta obra guztietatik distira eta nortasuna atera zuten, haize-sekzioari garrantzi berezia emanez.
Prokofiev-en ‘1. Sinfonia re maiorrean –Klasikoa-‘ lanak, bere ezizenak adierazten duen bezala, garai klasikoan egiten zen musikatik hartzen du inspirazioa. Fin eta arin iritsi zitzaigun, garbia. Konpositore errusiarraren argitasunetik Beethovenen sendotasunera joan ginen, ‘Piano eta Orkestrarako 1. Kontzertua’-rekin, ondo interpretatua, ondo ‘elkarrizketatua’ orkestra eta bakarlariaren artean. Till Fellner pianista austriarrak dotorezia eta teknika parra-parra bota zituen, ez imajinazio gehiegirik ordea. Bis bat oparitu zuen, Schumannen ‘Davidsbündlertäntze’-etatik ateratako orrialde delikatu bat, ondo. Eta lehenengo egitaraua amaitzeko, Mozarten ’41. Sinfonia do maiorrean –Jupiter-‘ ederra entzun genuen, adoretsua.
Bigarren saiorako klasizismoak jarraitu zuen. Aldi honetan Haydn-en ‘Re maiorreko 93. Sinfonia’-ren irakurketa doia izan genuen, Manfred Honeck zuzendariaren eskutik, eta Mozarten ‘Do minorreko Meza’ handiaren handitasuna sentitu genuen. Bertsio sendoa egin zuten, dudarik gabe, izpiritualtasun pragmatikoa adieraziz. Azpimarragarriena izan zen Christina Landshamer sopranoaren interpretazioa, ahots biribil eta segurua azaldu zuelako, eta Andra Mari Abesbatzaren aktuazio akatsgabea.