Medioa: Argia
Kritikaria: Montserrat Auzmendi
Honenbestez, gure artean dugu Musika Hamabostaldiaren 76. edizioa. Hasi besterik ez da egin, beraz, ditugun espektatiba handiak betetzeke daude. Abuztu osoa dugu aurretik eta, pixkanaka-pixkanaka orkestrak, bakarlariak, taldeak pasako dira eta joango gara jaialdiari tenperatura hartzen. Lehenengo neurketa egin dugu joan den asteburuan, eta esan behar dugu benetan osasuntsua aurkitu dugula aurreneko zita honetan.
Esan daiteke Mahler Ganbera Orkestra kapritxozko taldea dela, horrekin ulertzen badugu mundu osoko musikari talentudunez osatutako orkestra bat, munduan zehar birak egiteko biltzen dena. Laburbilduz, zerbait berezi eta kuttuna egiteko joleak batzen dituen orkestra. Eta egia da. Lehenengo momentutik soinuaren gardentasunak txunditu egin gintuen. Baina soinua gardena zela esatearekin ez dugu ezer esaten. Delikadezia berezia zerion interpretazioari, musikarekin dentelle moduko bat egingo balute bezala. Eman zuten egitarau bikoitza errepertorio klasikoan kokatu zen, eta obra guztietatik distira eta nortasuna atera zuten, haize-sekzioari garrantzi berezia emanez.
Prokofiev-en 1. Sinfonia re maiorrean Klasikoa- lanak, bere ezizenak adierazten duen bezala, garai klasikoan egiten zen musikatik hartzen du inspirazioa. Fin eta arin iritsi zitzaigun, garbia. Konpositore errusiarraren argitasunetik Beethovenen sendotasunera joan ginen, Piano eta Orkestrarako 1. Kontzertua-rekin, ondo interpretatua, ondo elkarrizketatua orkestra eta bakarlariaren artean. Till Fellner pianista austriarrak dotorezia eta teknika parra-parra bota zituen, ez imajinazio gehiegirik ordea. Bis bat oparitu zuen, Schumannen Davidsbündlertäntze-etatik ateratako orrialde delikatu bat, ondo. Eta lehenengo egitaraua amaitzeko, Mozarten 41. Sinfonia do maiorrean Jupiter- ederra entzun genuen, adoretsua.
Bigarren saiorako klasizismoak jarraitu zuen. Aldi honetan Haydn-en Re maiorreko 93. Sinfonia-ren irakurketa doia izan genuen, Manfred Honeck zuzendariaren eskutik, eta Mozarten Do minorreko Meza handiaren handitasuna sentitu genuen. Bertsio sendoa egin zuten, dudarik gabe, izpiritualtasun pragmatikoa adieraziz. Azpimarragarriena izan zen Christina Landshamer sopranoaren interpretazioa, ahots biribil eta segurua azaldu zuelako, eta Andra Mari Abesbatzaren aktuazio akatsgabea.