2007, abuztuak 21

Harpa saio korapilatsua

Medioa: BERRIA

Kritikaria: Arkaitz Mendoza

Harparen inguruan aztertzen dugun bigarren miatze lan honetan denetarik entzun zen. Batetik ia hamar urte bete dituen Cavatina bikotea, Iruñeko Casado xirula jotzailea eta Euskadiko Orkestran harpa jotzaile den Colard anderearen eskutik, eta bestetik Andra Mari abesbatzako neskatoak Brittenen obra mamitsuan barrena.

Lehenengo zatian obra pila interpretatu zuen Cavatina bikoteak, batzuk harpa eta xirularako eginak eta beste batzuk Colard berak eginiko transkripzio ugari. Musikaren kalitatea koloretsua izan zen; hau da, Casadoren iaiotasuna Colarden uzkurtasunaren aurka topo eginez. Henk Badings herbeheretarraren Cavatina bera gustuko izan nuen, arpegioak gora eta behera harpan eta bitartean xirula kantu hotsa sol-eko flauta gozo eta barnekoiari sakontasuna emanez. Hala ere, transkripzioek izan zuten ardatz nagusia beren egitarauan.

Colarden sentiberatasuna duda-mudatan jarriko nuke, behin eta berriz harmonia berri bat begibistan antzematen zenean, pedalaren aldaketak zikin eta korapilatsuak izan baitziren. Pianorako idatzita dauden obretan, baxuaren aldaketa bakoitzean geruza harmonikoki berri bat beharrezkotzat sentitzen da, musika berak eskatzen baitizu; tamalez, harparen eskutik gozatzeko aukera beste baterako utzi genuen.

Flautina, la eta sol-eko flautak bikain aukeratu ziren Bela Bartoken Errumaniako sei dantzetan, nahiz eta xirularen artikulazioak legato eran gehiegikeriak egin, ahaire latz bat bilatu beharrean. Georges Bizeten Bohemiako Kantuan xirularen ezpainak lasai eta aske landu ziren nota errepikakorrak argi eta bizkor garatzeko. Harparen egite nahaspilatsua eta xirularen soinu biribilak berrindartu egin ziren kontzertuan zehar.

Aurtengo Hamabostaldian Andra Mari abesbatzak izan duen parte-hartzeak lilura galarazi zidan, lan emankor eta txukunago bat eskatzen baitu Britten obra ederrak. Brittenek musika ziklo interesgarria planteatzen du obra honetan, Procession eta Recession pasarteen erlazio itxia egokituz. Hasiera kaotikoa suertatu zen, aho batezko kantua galduta. Afinazioa mantentzeko bidean, harparen laguntza xumea izan zen, honela ia a cappella interpretatu zituzten Brittenen bat-bateko modulazio eta akorde ezberdin mordoak. Ezer nabarmentzekotan, This Little Babe boteretsua egokitasunetik hurbil azaldu zen.