Jose Luis Ansorena, Eusko Ikaskuntzako 2011 Manuel Lekuona saria.

2011ko Manuel Lekuona saria José Luis Ansorena Mirandari ematea ebatzi du Eusko Ikaskuntzak. Musikologoa, musikagilea eta zuzendaria da Ansorena, bai eta erakundeen eta euskal musika-ondarea babesteko eta hedatzeko ekintzen sustatzailea ere.

1928an jaio zen, Donostian, eta hango kontserbatorioan egin zituen musika-ikasketak. 1942an Altsasuko (Nafarroa) kaputxinoen apaiztegian sartu zen, eta batera egin zituen eliza-ikasketak eta musikakoak. 1953an apaiztu zen.

Bizitzan zehar hainbat erakunde eta elkarte sortu zituen, hala nola San Antonioren Eskolania eta San Antonioren Gazteria Iruñeko kaputxinoen elizan 1954an, San Antonioren Gazteria Zaragozako Torrero Komunitatean 1964an, Errenteriako Andra Mari eta Parrokiako Gaztedia (Gaztedi) abesbatzak 1966an, Oreretako haur-abesbatza 1967an, “Alai” emakumezkoen zortzikotea 1972an eta Oiñarri gazteen abesbatza 1976an.

Euskal musikagileek sortutako musika hedatzeko, 1973an Errenteriako Musikaste jaialdia bultzatu zuen. Hurrengo urtean, Errenterian bertan Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa sortu zuen, euskal musika-ondarea bildu eta gordetzeko asmoz.

Musikagile moduan, erlijio-musika eta musika korala egin ditu. Makina bat ikerketa, artikulu, liburu eta katalogo idatzi ditu euskal musikari buruz, eta idazgai izan ditu, halaber, musikagileen biografiak (Norberto Almandoz, José María Usandizaga, Pablo Sorozabal, Aita Donostia, Raimundo Sarriegui), txistua eta haren ingurunea eta euskal abesbatzen mugimendua.

Besteak beste, sari hauek jaso ditu: Andra Mari abesbatzaren Urrezko eta Diamantezko Intsignia (1991), Txistulari Elkartearen Urrezko Domina (1997), Algortako Biotz-Alai abesbatzaren Urrezko Intsignia eta Ohorezko Bazkide izendapena (1999), Donostiako Orfeoia – UPV/EHUren V. Saria (2005) eta Errenteriaren Seme Kutuna izendapena (2009)

1978tik 1980ra eta 1987tik 1988ra, Eusko Ikaskuntzako Musika Ataleko lehendakari izan zen Jose Luis Ansorena.