Hirutik hiru, hiru ataletan parte hartu du Andra Mari Abesbatzaren koro gazteak, Orereta Abesbatzak Txinan ospatu diren munduko abesbatzen olinpiadetan eta hiru ataletan saria irabazi du. Atzo, Santio egunean abestu genuen azkeneko aldiz Shaoxing hirian burutu diren 2010eko Word Choir Games, abesbatzen munduko lehiaketan eta eliz musika atalean zilarrezko domina lortu dugu. Ez da erraza izan, egia esanda oso pozik naiz gure neska mutilek egindakoarekin, maila oso handia zen, honetan zein beste bi ataletan, ez da txantxa mundu osotik etorritako 472 abesbatzekin batera gisa honetako lehiaketan parte hartzea, hori bakarrik izugarria litzateke, are gehiago etxera bueltatzea zilarrezko sariarekin parte hartu dugun kantu lehiaketa hiruretan.
Eliz Musika atalean Txina bertako abesbatza batek irabazi du lehen saria, Hong Kong hiriko Diocesan Schools Choral Society abesbatzak, eliz musikarako abesbatza berau eta 88,75 puntu lortu zituen. Orereta Abesbatzak zilarra lortu du (73,88 puntu) eta gurekin batera izan dira urre eta zilarreko sarietan Txina, Austria, Norvegia, Errusia eta Indonesiako abesbatzak. Pozik eta arro egoteko arrazoiak ditugu, inor baino gehiago neronek gazte talde honen buru naizen neurrian.
Giro izugarria izan dugu Shaoxingo hirian, ezta gutxiagorako ere, mundu osoko 472 abesbatza elkartu gara hemen eta esan behar dizuet parte hartu dugun hiru ataletan zoragarri joan zaizkigula. Ez da txantxetakoa hemen dagoen mailarekin haur koroen atalean, folklore atalean eta arestian aipatutako eliz musika atalean, hiruretan, zilarrarekin bueltatzea etxera. Kirolean parte hartzea omen da inportanteena, hemen abesbatza erakustaldi honetan hori horrela da, bene-benetan. Hemen abestea bera saria da. Are gehiago gauzak ondo ateratzen direnean.
Eta zer esan, Shangaiko Expon eta Shangaiko hirian Madalen bezperan eman genituen emanaldiei buruz? Bada, hori ere hitz batekin laburtu daitekeela: IZUGARRIA. Izugarria Shangaiko Expo, izugarria guretzat Exporen baitan, Bilbo hiriaren pabilioian abestea, eta izugarria ondoren, Shangaiko Euskal Etxeak antolatuta hirian eman ahal izan genuen emanaldia. Ez dut hitzik hori kontatzeko. Bueno, bat bai, eskerrak. Eskerrak hori ahalbideratu zuten Expoko antolakuntzako lagunei, eskerrak Shangaiko Euskal Etxeari eta SPRIko lagunei. Eskerrak Andra Mari Abesbatzaren koro gaztea den Orereta Abesbatza osatzen dugun guzion izenean.
Bide batez, Shangain emandako emanaldiaren berri jasotzen duen prentsa dossierra atxikitzen dizuet, Txina inguru honetako egunkari nagusienetan jasotako kronikak. Munduan gehien hitz egiten den hizkuntzan idatziak, nahiz guretzat hori txinoa gertatu.
Gaur Errenteria biharamun eguna izango da. Madalen jaiak bukatuta, ohiko zereginetara zuzenduko ziren errenteriarrak, jakin bezate hemen, Txinan, 13 eta 16 urte bitarteko 45 neska mutilek, aurten herriko festak galdu dituztela, baina, izugarrizko abentura izan dutela. Esaten genuen irten aurretik Orereta Abesbatza hazi eta hezi egingo zela Txinako bidai honetan. Bada, horixe. Hau zoragarria izan da.
Agur, hau duzue nire Txinako azken kronika. Gaurtik eta 28rarte joan etorrian izango gara eta ez dugu aukerarik izango, nahiz, posta elektroniko bitartez, hartu emanak izateko.
Shaoxing, Txinatik, 2010eko uztailaren 25an Imanol Elizasuk (Orereta Abesbatzaren zuzendaria) idatzia.