ANDRA MARIREN ZUZENDARITZAN ALDAKETA

Ohar honen bitartez Andra Mari Abesbatzak (AMA) adierazten du bi zuzendari tekniko berri dituela bere abestaldeetarako. Datorren ekainetik aurrera, Andoni Sierra izango da Andra Mari abesbatzaren zuzendaria; harrobiko koruena, berriz, (Orereta eta Oinarri) Jose Antonio Pascual izango da.

Biak ere ospe profesional handia dute eta zuzendaritza munduan oso ezagunak dira, adinez gazte izanagatik, ibilbide luzea egina baitute musikan.
Andra Mari abesbatzak bere 49 urtean izan duen hirugarren zuzendaria da Andoni Sierra, Jose Luis Ansorena (sortzailea eta zuzendaria 27 urtez) eta Jose Manuel Tiferen ondotik.

Donostiarra jaiotzez, gaur egun Conductus Ensembleren zuzendaria da. Talde hori berak sortu zuen 2002 urtean eta ehundik gora kontzertu eman ditu jada auditorium nagusienetan, esaterako Madrileko Auditorio Nacionalen, eta baita jaialdi ospetsuetan ere, hala nola Frantziako Toulouse les Orgueseko Nazioartekoan. 2014-15 ikasturtean Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan “Koruko Andre Maria Musika Kapera” izeneko aldia sortu du. Gainera, Francisco Escudero Kontserbatorioko orkestrako titularra ere bada.

Bestalde, Jose Antonio Pascual Puyk ere esperientzia handia du musikan. Egin dituen gauzetako batzuk aipatzekotan, Orquesta Regional Bayonne-Côte-Basque, Euskadiko orkestra sinfonikoa, JONDE, Orquesta Sinfónica de Galicia, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta beste hainbat zuzendu ditu zuzendari gonbidatu gisa.

Hainbat koru ere sortu eta zuzendu du: Ad Libitum eta La Caja de Pandora ganbera koruen sortzaile eta zuzendari izan da, Easo koruaren Eskolaniaren zuzendari eta ONCEko Alaia koruaren zuzendari ere izan da, besteak beste.