Txinarako bidean gara, hau irakurtzen duzuenean Shangaira iritsi berriak izango gara, eta handik hartu autobusa eta errepidez hiru ordu luzeko bidaia egin ondoren Yangtze ibaiaren deltan kokatutako Shaoxing hiriraino iritsiko gara , hotelean sartu atsedena hartu eta bihar, uztailaren 17ko goizeko 11,00etan, Word Choir Games 2010eko munduko abesbatzen olinpiadetanabesteko prest izango gara, lehen aldiz, haur eta gazte koruei dagokion atalean.
Oraingo hemengo argazkia ez da gure Abbe Road partikularrean egindakoa , eta haraino -honaino esan beharko nuke- joateko -etortzeko- erabili ditugun bitarteko geltokiak ez dira Errenteriako Topoarenak izan, aireportuetakoak baizik. Uztailaren 15an, atzo, irten eta Txinarainoko bidea egin dugu.
Han hemen- bero sargoria izan dugu zain, bero tzarra eta hezetasuna elkar hartuta Shangain eta Shaoxing-en. Hura hau- Txina da. Shaoxing guretzat ez ezaguna den hiri hori ekialdeko Venezia gisa ezaguna, duela 2.500 urte sortutako hiria da, lau milioi eta erdi gizon emakume hartzen dituena bere baitan. Eta aurten Word Choir Games munduko abesbatzen olinpiadetan abesbatzen olinpiada antolakuntza hartu duen hiria. Nazioarteko koru txapelketa bi urtean behin antolatzen da eta abesbatza ez profesionalei zuzendua da eta mundu mailan egiten den nagusia da.
Orereta Abesbatzak 2010 lehiaketan zuzenean eta ate nagusitik sartzeko baldintzak bete ditu. Antolakuntzan aukeratu gintuen Andra Mari Abesbatzaren nerabeen koruak Munduko Lehiaketak homologatuak dituen lehiaketa zirkuituan emaitza minimo bat lortu dituelako. Zentzu honetan, Orereta abesbatzak 2004 Islandian burututako Europa Cantat Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Kantu Astean parte hartu izana, Kataluniako Cantonigros Lehiaketan lortutako sariak (2005 eta 2009 urteetan) eta 2007an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan lortutako puntuazioak bere alde izan ditu, gure alde izan ditugu. Honetaz gainera, munduko abesbatzen olinpiada hauetan aukeratua izateko Andra Mari Abesbatzaren nerabe koruaren kurrikuluma eta grabazioak aztertu ziren.
Esan gabe badoa, txapelketarako hamahiru eta hamasei urte bitarteko 42 neskaz eta hiru mutilez osatu da koroa eta txapeldunen lehiaketan parte hartuko du honen hiru ataletan, haur taldeetan, eliz musikan eta folklore modalitateetan. Neroni, Imanol Elizasu, naiz abesbatzaren zuzendaria, eta beste 7 gizon emakume egin dugu bidaia gure neska mutilei babesa eta laguntza emateko.
Zer eta noiz abestuko dugu? Bada. Lehen emanaldia, arestian kontatu dizuedan moduan bihar bertan izango dugu, uztailaren 17an eguerdi aldean. Haur kategorian abestu eta gero, egun berean egingo dugu bigarren kantaldia, folklore atalekoa izango da, arratsaldeko 16,00etan Eta azkeneko parte hartzea Munduko Koruen Txapelketa honetan musika sakroaren atalean egingo dugu uztailaren 25an, Santiago egunean, Errenterian Madalenak pil pilean eta azken txanpan sartuta izango diren egunean.
Beraz, iritsi berritan, ordutako bidaia egin ondoren, bi emanaldi ditugu! Ez naiz ni futbol entrenatzailea, baina entrenamenduaren sekretutxo bat kontatuko dizuet: gure 45 koralista gazteei isileko legea ezarri diegu bidaian. Ez ditugu mututu, baina bai gomendio agindua- eman ordu luzetako bidaian zehar mingaina ez gehiegi astintzeko, ahotsa beharko baitute ahal den freskoena bere hoberena emateko. Eta horretaz, ez dizuet esan behar, ziur naiz. Bidaiaren aurkezpen egunean, agerraldian, esan nuen moduan, gure gazteei buruz: munduko lehiaketa eskola izugarria izango da guretzat. Jakin badakit gure erantzukizuna handia dela baina aldi berean aukera paregabea da. Haurrak pozez beterik daude eta bere onena emateko prest.
Ahaztu egin zait esatea abestuko dugun hiru ataletan euskal musikarekin joan garela, neurri handi batean. Hona hemen egitasmoa:
Haur koruen atalean:
· Bi Bihotz (Junkal Guerrero)
· Táncnóta (Zoltán Kodály)
· Alami (Josu Elberdin)
· Oihu hau (David Azurza)
Word Choir Games-eko foklore atalean:
Pasayan Xexenak (Tomas Garbizu)
Tirikitauki (David Azurza)
Xulufraia (Xabier Sarasola)
Euskal Jokoak (Javier Busto)
Eta azkenik, eliz musika atalean:
Pater noster (Xabier Sarasola)
Duo Seraphim (Tomás Luis de Vitoria)
Laudate pueri (Felix Mendelssohn Bartholdy)
Miserere (Eva Ugalde)
Kontatuko dizuet zer emaitza ditugun. Eta hurrengoan, hitza hitz, nitaz gain abesbatzako partaideren batek bere esperientzia kontatuko digu. Hurrengoa, gainera, Txina bertako irudiak.
Ongi izan lagunok eta agur, Txinatik
Imanol Elizasu
Orereta Abesbatzaren Zuzendaria.