Andra Mari Abesbatza Tenerifen

Jose Manuel Tife Iparragirrek zuzentzen duen Errenteriako Andra Mari Abesbatzak Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin batera kantatuko du, urte askotan bere zuzendaria izan den Victor Pablo Pérez maisuaren azken kontzertuan parte hartzeko bertakoek berari bereziki luzatu dioten gonbiteari erantzunez.

Datorren abenduaren 21ean, 20:00etan Tenerifeko Auditorio ikusgarrian Beethovenen (1770-1827) Bederatzigarren Sinfonia (Opus 125) entzun ahal izango da Victor Pabloren zuzendaritzapean.

Tenerifeko Orkestrarekin eta Andra Mari Abesbatzarekin batera ondoko laukote bakarlari hau arituko da:

Ainhoa Arteta, sopranoa; Maria Jose Sanchez Kontraltoa; Nicolai Schukoff, tenorra eta David Wilson Johnson, baxua.

Bidaian parte hartuko duten 80 pertsonak 22an itzuliko dira Errenteriako Fatimako Elizan 23an Eguberriko Kontzertu handian parte hartzeko, Orereta / Orereta Txiki eta Oinarri etorkizuneko Andra Mari Abesbatzaren harrobia diren haur eta gazte koruekin batera.