(Bidaia eta parte hartzearen informazio zuzena eskainiko da Txinatik hedabideentzat www.coralandramari.com webgune baitako blogean: http://oreretashaoxing2010.blogspot.com )
Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren koro gazteak, Orereta Abesbatzak dena prest du datorren astean Txinako Shaoxing hirian hasiko den Word Choir Games 2010eko munduko abesbatzen olinpiadetan parte hartzeko. Orereta Abesbatzak mundu osoko koruen lehiaketaren txapeldunen atalean abestuko du eta honen barruko hiru ataletan: haur taldeetan, eliz musikan eta folklore modalitateetan. Imanol Elizasuren zuzendaritzapean, 13 eta 16 urte bitarteko 45 kantari nerabez osatutako koruak abesbatzen olinpiadetan parte hartzeaz gain, Shangaiko Expon emanaldia eskainiko du eta hiri bereko Euskal Etxeak antolatutako kontzertua emango du. Txapelketa bitartean, bidaia eta parte hartzearen informazio zuzena eskainiko da Txinatik hedabideentzat www.coralandramari.com webguneko blogean: http://oreretashaoxing2010.blogspot.com .
M.Carmen Garmendia, Andra Mari Kultur Elkarteko presidenteak, Imanol Elizasu, Orereta Abesbatzaren zuzendariak, Jose Manuel Tife, Andra Mari Abesbatzaren zuzendariak, Jasone Alba eta Agustin Arrazola koreografoek eta Iñaki Rekalde, Txinako bidaiaren babesle den Kutxaren ordezkariak, aurkeztu dute gaur, Orereta Abesbatzaren entsegu nagusi baten baitan, Andra Mari Abesbatzaren egoitzan, uztailaren 15 eta 26 bitartean Txinako Shaoxing hirian ospatuko den Munduko Koru Txapelketan Errenteriako koru gaztearen parte hartzea.
Andra Mari Abesbatza nagusiak Kanarietan eta Granadan eskainitako emanaldi arrakastatsuetatik bueltatu berria denean, Errenteriako abesbatzaren nerabe koruak, Orereta Abesbatzak dena prest du uztailaren 15an hasita Txinako Shaoxing hirian egingo diren Word Choir Games 2010eko munduko abesbatzen olinpiadetan parte hartzeko. Txapelketarako hamahiru eta hamasei urte bitarteko 42 neskaz eta hiru mutilez osatu da koroa eta txapeldunen lehiaketan parte hartuko du honen hiru ataletan, haur taldeetan, eliz musikan eta folklore modalitateetan.
Word Choir Games izeneko lehiaketa abesbatza ez profesionalei zuzendua da eta mundu mailan egiten den nagusia. Aurten Txinako Shaoxing hirian ospatuko da, Shangai ondoko Yangtze ibaiaren deltan kokatutako lau milioi biztanletik gora dituen hiri horren 2.500 urteurrenaren karietara. Orereta Abesbatzak 2010 lehiaketan zuzenean eta ate nagusitik sartzeko baldintzak bete ditu. Hau da, Munduko Lehiaketak homologatuak dituen lehiaketa zirkuituan emaitza minimo bat lortu izana. Zentzu honetan, Orereta abesbatzak 2004 Islandian burututako Europa Cantat Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Kantu Astean parte hartu izana, Kataluniako Cantonigros Lehiaketan lortutako sariak (2005 eta 2009 urteetan) eta 2007an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan lortutako puntuazioak bere alde izan ditu. Honetaz gainera, munduko abesbatzen olinpiada hauetan aukera izateko Andra Mari Abesbatzaren nerabe koruaren kurrikuluma eta grabazioak aztertu ziren.
2010Word Choir Game lehiaketan parte hartzeaz gain, Andra Mari Abesbatzaren haur eta gazte koroak Txinako bidaia baliatuko du beste bi emanaldi eskaintzeko Shangain; horrela, Orereta Abesbatzak uztailaren 20an, goizean, Shangaiko Expon abestaldia eskainiko du Bilboko Pabilioian; eta egun bereko arratsaldean emanaldia emango du hirian Shangaiko Euskal Etxeak antolatuta.
Orereta Abesbatza osatzen duten neska mutilek Kutxaren babesa izan dute Txinako bidai hau egiteko, Kutxa Fundazioak gazteen familiei bideratu dien laguntza zuzenen bitartez.
M.Carmen Garmendia, Andra Maria Kultur Elkartearen presidenteak mundu mailako abesbatzen olinpiada hauetan parte hartzearen garrantzia eta horrek suposatzen duena azpimarratu du. Orereta Abesbatza gaztea da koroa osatzen duten neska mutilen adienean, baina heldua izaera eta emaitzetan. Heldutasun horren lekuko Word Choir Games hauetan parte hartzea eta txapelketa honek, gainera, oraindik gehiago hazi eta heziko du abesbatza. Eta horrek, bestalde, Andra Mari elkarteko harrobian haur eta gazteekin diharduten arduradun artistikoen eta koroa bera osatzen duten neska mutilen lanaren bikaintasunaren lekuko zuzena da.
Imanol Elizasu, Orereta Abesbatzaren zuzendariak azpimarratu duenez munduko lehiaketa eskola izugarria izango da guretzat. Jakin badakit gure erantzukizuna handia dela baina aldi berean aukera paregabea da. Haurrak pozez beterik daude eta bere onena emateko prest. Elizasuk Orereta Abesbatzaren prestatze lana izan du hizpide, gure abesbatzan alde musikala lantzeaz gainera, diskurtso teatrala eta emozionala lantzen dira Elizasuren hitzetan, era honetara haur eta gazteekin lana egokiago egiteaz gainera, horrek ate guztiak zabaltzen ditu.
Orereta Abesbatza Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren haur etapa da. 1999az geroztik Imanol Elizasu Lasaren zuzendaritzapean ari da lanean. Jose Luis Ansorenak sortu zuen 1968an eta orduz geroztik lan disziplinatua burutu du koru kanturako heziketan. Hortik sortu zen urte batzuk geroago Andra Mari Abesbatzaren gazte korua: Oinarri Abesbatza.
Orereta Abesbatzak ibilbide oparoa izan du, arestian aipatutako emanaldiaz gain, 2005ean, Musikenek antolatutako haur koru zuzendarientzat bideratutako ikastaroan, koro pilotu gisa aritu zen , Pariseko Goi Mailako Kontserbatorioko irakaslea den Claire Marchand-en zuzendaritzapean. Besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian, Musika Sakra Zikloan, eta Aita Donostia Musika astean parte hartu du. Baita, Castro Urdiales, Aranda de Duero, Ejea de los Caballeros, Portugalete, Pasai Antxo, eta beste hainbat herrietan emanaldiak eskaini. 2006an Galesen ospatzen den Llangolleneko Musika Jaialdi Internazionalean parte hartzeko aukeratua izan zen. 2006ko uztailan Pablo Maloren La Sombra de Nadie filmaren Aitor Amezagak konposatutako soinu bandaren zati bat grabatzen du. 2007an, Torreviejako Habaneren Nazioarteko Gazte Lehiaketara, 39. Tolosako Abesbatza Lehiaketara eta Bartzelonako I. Nazioarteko Gazte Lehiaketara gonbidatua izan da, maila bikaina erakutsiz. 2008an, abesbatzaren 40. urteurrena ospatzen du eta Torreviejako XIV certamen juvenil de habaneras konkurtsoan hirugarren saria eta urrezko diploma lortu ditu. 2008an baita ere, Koro pilotu bezala parte hartu zuen Europa Cantat-eko Donostiako kongresuan Kari Pollen zuzendariarekin. Orereta Abesbatzak 2008ko uztailean grabatu zuen orain arteko bere azken diskoa, Ilusio tanten disdira izenekoa.