2003, abuztuak 19

Trionfi Amore!’ORFEO ED EURIDICE’

Medioa: BERRIA

Donostiako Musika Hamabostaldian, opera beti izaten da gehien espero diren ekitaldietako bat. Aurten, bat ez baizik eta bi opera eskainiko dira Kursaalean. Joan den larunbatean, Glucken (1714-1787) Orfeo ed Euridice
taularatu zuten. Ikusmin handia zegoen, eta asmoak ez ziren ezereztu.

Errepertorioko klasiko bat da; klasikoa da, gainera, opera hau, hitzaren zentzu hertsienean. Klasisizmoaren proportzio, oreka eta neurria baitauka une oro. Gluckek bere teorien ispilu egin zituen bere lanak, non testua eta akzioa diren nagusi. Bere garaian solisten kapritxoak betetzera behartuak zeuden konpositoreak, bakarlari horien ahotsa luzitzea helburu soila izaten baitzen batzuetan, eta operaren argumentua aitzakia hutsala. Gluck horren aurka aritu zen, eta operaren erreformatzaile izaera ukaezina izan zuen. Haren emaitzarik txalogarriena, hain justu, Orfeo ed Euridice da, Vienan 1762an lehenengoz emana.

Donostiako emanaldian, Flavio Oliver kontratenorrak egin zuen Orfeorena; Tatiana Lisnic-ek Euridicerena; eta Isabel Monar-ek Amorerena.

Oliver bikain aritu da abeslari eta aktore lanetan. Nik lehenbizikoz entzun dut, eta ahots indartsua eta garbia daukala esan behar dut. Nota apaletan dramatismo handiz aritu zen, eta goian ere arazorik gabe. Eszenan oso ondo aritu zen, eta bere pertsonaia erabat sinesgarri bihurtu zuen. Hain famatua den Che faró senza Euridice aria eta Anime avventurose aipa ditzakegu haren mailaren eredu. Haren emazte Euridice-ren rolean, Tatiana Lisnic-en lanaz gozatu ginen. Soprano ahots garbia eta zilartsua dauka. Haren rola iraupen aldetik askoz laburragoa bada ere, bere maila argi erakutsi zuen. Hirugarren ekitaldiko pasartean, entzule denok bat egin genuen haren egonezin eta bakardadearekin. Isabel Monar izan zen Amore, ahots garden, indartsu eta koloretsuarekin.

Euskadiko Orkestra ondo aritu zen, luxu handirik gabe beharbada. Memento batzuetan, Orfeo tapatu zuten (bigarren ekitaldiko bigarren agerraldian). Andra Mari Korua bikain aritu zen. Haren parte-hartzea beste pertsonaien mailakoa izan zen. Badauka talde horrek kolore berezi bat, biribila eta malgua. Ederto.

Oestman orkestra gidariak erabateko zuzentasunez bete zuen bere lana, baita diskrezioz ere. Keinu handirik gabe tenpoak egoki markatuz eta bakarlariei abesten utziz. Musikaren ezagutzaile eta zerbitzaile aldi oro. Joan Font izan da ekoizpen berritzaile honen bultzatzailea. Elementu gutxirekin, erabat moderno eta erakargarri bihurtu du Orfeo ed Euridice. Hainbat kolore abiapuntu hartu eta elementu eszeniko sinpleak erabiliz, emaitza ikusgarria lortu du, betiere Grezia klasikoaren estetikaren interpretazio minimal bat eginez. Haren ideia izan zen aktore-aurkezle bat eszenan sartzea ere (Jaume Bernadet).

Azkenean, Calzabigi-k (operaren libretoaren egileak) esandakoa bete zen: «Trionfi amore! E il mundo entero serva all´impero della beltá».