Medioa: Egunkaria
INDARRA hitzak, abstraktuki hartuz gero, esanahi ugari izan ditzake. Joan den ostiralean, Errenterian izandako kontzertuan, konkretuki indarra izan zen elementu nagusiena. Indarra, alde batetik, orkestrak izan zuena. Lehen zatian, Amaigabea-ko 8. Sinfoniaentzun genuen. Delcroix jaunaren batutak zuzenki eraman zituen haize instrumentuak. Hala ere, aipamen berezia eskaini behar zaie biolontxelo eta kontrabaxuek lortu zuten xarma eta koloreari.
Bigarren zatian Meza, mi bemol maiorrean izan zen protagonista nagusia. Andra Mari abesbatzakoen lan ederra argi geratu zen. Indarra, beraz, abeslari horiek izan zutena. Horretaz gain, oso kolore ederra lortu zuten kontraltoek, euren sarrerak guztiz enpastatuak izan ziren, eta behar bezalako soinua lortu zuten. Horrek ez du esan nahi beste aho kordek gauzak ondo egin ez zituztenik. Emakumeekin jarraituz, sopranoek ere indar handiko lana egin zuten, bai enpastatzeko garaian, bai hainbat pasadizotan behar bezalako tentsioa mantentzen ere. Gauzak ondo izan ziren, oro har, nahiz eta Delcroix jaunaren batutak ez lortu izan behar bezalako hainbat pasadizo. Aldez aurretik behar diren proba akustikoak egin ez izateak ondorioak ekarri zituen, pianoak ez ziren behar bezalakoak izan, eta, sarritan, forteak fortissimo bilakatu ziren. Eliza horren akustikak ez dauka arazorik soinua kanporatzen, beraz, indarra izan zen kanporatu zena. Bestalde, Andra Mari zuzentzen duen Tife jaunaren lana ona eta zuzena izaten ari dela agerian geratu zen.
Bakarlarien parte hartzea nahiko murritza da obra honetan. Et incarnatus est
zatian Vonk tenoreak ez zuen beharrezko sentimendua lortu, nahiz eta bere ahotsak posibilitate ugari eskaini. Vacquin sopranoaren tinbrea ederra da, dena den, bakarlariek egin dezaketena ezin neurtu obraren berezitasunagatik.