Medioa: Berria
Kritikaria: Arkaitz Mendoza
Muxika udaran murtxikatzen dugun fruitu gustagarria da. Kanpoko azala lakarra izan liteke baina kalitatezko muxika batek jario dezakeen usain freskoa barneko fruituaren dastamenean biltzen da. Aurtengo Hamabostaldiko opera muxikaren kanpo azalean geratu da, ikusten den zentzumen apalean, eszena kontuen tirabiran, baina jakiari eman geniezaiokeen hozkada urtsua, hau da, Giacomo Puccinik bikaintasun osoz entregatutako partituraren musika ez zen zuku hozkirria izan. Muxikaren musika ez zen musikaren muxika izan.
Muxikak edukian daraman zuntz, potasio eta C bitamina neurriak goraipatzekoak dira bihotzaren osasunerako. Kasu honetan Jose Ramon Encinar orkestra zuzendariaren bihotz taupadak zoragarri doaz entzundako soinu burrunba jasangaitza pairatu eta gero. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Pucciniren obra garrasirik ozenean biribildu zuen, ahotsen gainetik, urtean zehar kikiltzen diren haize metalei askatasun osoa emanez. Operako rol bakoitza aztertzeko musika oreka bat ezinbestekoa da eta kasu honetan bai Giordano Luca tenorraren bai Gal James sopranoaren agerraldiek La bohème istorioaren intimitatea zeharo apurtu zuten batutaren adierazpenak aztertu ondoren.
Mimi pertsonaia istorioaren hasieratik bukaerara hauskorra da. Gaixo, indargabezian murgilduta, begirada itzalian eta kantuan sentiberatasun gozagarrian. James azken ekitaldira arte alaitasun distiragarrian azaldu zen, guztiz ulergaitz. Lucarekin bikote polita sortu zuen, nahiz eta emozio eta negar malkoak isurtzeko desioak entzulerian ez piztu. Musettaren rola oso apal Elena de la Merced sopranoaren egitekoan, hain ezaguna den Quando m’en vo aria gainetik pasatuz. Muxikak larruazaleko zimurdurei eraso egiteko bikain omen dira eta horretan abesbatzak ez ziren zimurtu. Andra Mari abesbatza kopuruan gehiegitxo, jendetza eszena mugimenduetan eta Easoko Eskolaniako haurrak dotore, nahiz eta jostailuak iristen diren unean deia ezkerretik jaso eta eskuinerantz abiatu. Bi taldeak kantuan zoragarri. Bi ahots bakarlari nagusiak maila egokian. Bi opera funtzioak jendez gainezka. Hala ere BIkaintasuna ez da muxikaren azaleko kanpo itxuran neurtzen, muxikaren musikak dakarren zukuan baizik; tamalez, fruitua ez zen umo azaldu.