Medioa: Berria
Kritikaria: Arkaitz Mendoza
Garra, sua, argia, distira, sugarra, pasioa, beroa. Hiru hamarkada ziztrin gozatzeko aukera ez zuen izan Jose Maria Usandizaga donostiarrak, baina bere musika bihotzetik bihotzera egina dago, sutsua, dotoreziaz beterikoa eta, batez ere, kalitate goreneko pintzelkadaz josia. Haren heriotzaren mendeurrena ospatzeko, goitik beherako azterketa sakona behar zuen obra berriztatu egin du Euskadiko Orkestrak Sinfonikoak, euskal musika bultzatzen ari dela erakutsiz. Halere, Usandizagaren La llama opera kontzertu formatuan tristeegi azaltzen da. Non daude gure ondarea babesten dutela dioten elkarteak? Opera hau aurtengo Musika Hamabostaldian bere osotasunean, eszena eta guzti, plazaratu beharko litzateke, argi eta garbi, gurea zainduz. Alemanian egongo bagina…
Abeslari asko, batzuk rol xumeegian, gehiago entzuteko desioa pizten duten horietakoak hara hor Miren Urbieta, eta beste batzuk rol handiegian, batzuetan politiko diren kultur ekitaldi garrantzitsu hauetan egoteko aukera aprobetxatzen dutenak. Tesitura zorrotzak goi ahotsetan eta emankortasun adierazgarria baritono eta mezzosopranoan, antzezlanaz gozatu gabe ezin opera osotasunean baloratu. Mikeldi Atxalandabaso gogotsu, Elena Barbe Uraren izpiritua-ren gardentasunean eta Fernando Latorre ozentasun adierazkorrean. Tamar pertsonaian murgiltzen den Sabina Puertolas goiko nota arriskutsuetan urduri, baina, bestela, lan serioa egin du Ainhoa Artetak egin beharrekoa ordezkatzen.
Orkestra boteretsu, Juan Jose Oconen gidaritzapean ahotsak laguntzen betiere, nahiz eta perkusio taldea zaratatsu ageri une askotan horra hor panderetaren soinu eta entzute oreka falta. Andra Mari abesbatza ziurtasunaren seinale, hots, deiadar eta esatekoak behar diren intentsitatean kantatuz. Partitura berria berreskuratu da, albiste ikaragarria euskal musikarentzat baina gaurko sugarra biharko sagar bihur dadila eskatuko nuke. Benetako apustua serioa izan dadila; bestela, ezerezean geratuko da egunen batean birrestreinatu genuen euskal opera.