Medioa: BERRIA
Kritikaria: Arkaitz Mendoza
Aldapaz jositako mendikate zorrotza izan du Errenteriako Andra Mari abesbatzak Erromantizismoko obra sendoenetariko bat jorratzean. Johannes Brahmsen Requiema ordubete pasatxoan gozatu eta sufritu daitekeen bihurgune pilaketa da, denak segidan, arnasestuka, fisikoki indarberritzeko astirik gabeko maldetan barneratuta. Zazpi tontor, zazpi izerdi tanta, zazpi hasperen. Hasiera bortitza izan zuen abesbatzak, lehen aldapak ziurtasun osoz igoz, soinu biribilez gailenduz, sendo, konfiantza handiz.
Josep Caballe zuzendaria erne izan zuen ahots taldeak, orkestra aske eta abesbatza zuhur azalduz. Eskuinerantz bira egin eta bigarren maldan erritmoa dinbili-danbala aritu zen. Tinbala zen ardatz, abesbatza zuzendariari begira baina tinbala entzun gabe. Hor islatu zen oztopoa, tinbalaren taupada musikari ororen gidari izan beharrean, bakarlari gisa azalduz.
Ezkerrerantz bihurgune txikia eta hirugarren tontorra begi bistan izan zuen Andra Marik, partaide bereziarekin: Jose Antonio Lopez baritonoa. Ahots epela, dotorea, Brahmsen musikak adierazten duen osotasunaren adibide. Abesbatzak maldatsu sentitu zuen azkeneko igoera hau, nekea nabari, ibilaldi erdian edonork pairatu dezakeen beheraldi lazgarria jasanez.
Laugarren hasperenean ahotsak zorrotz agertu ziren, tenorrak tiraka, sopranoak agudoetan larri, eta abesbatza kontraltoen indarrean zintzilik. Vanessa Goikoetxea sopranoak tinbre koloretsuko kantatze era du, sentikorra, zuzena, entzuleari ziztu bizian iristen zaion horietakoa. Bosgarren txatala txukuna izan zen, seigarrenean kontraltoek burututako hasiera bikainaren aurrerapen izanik. Ahots taldea berriz ere gihartsuegi obraren fuga pasarteetan, lasaitasunetik tentsiora eraldatuz. Orkestra kantuaren morroi, betebeharra zuzen landuz, aparteko bereizgarritasunik adierazi ez zuen zuzendari baten batutapean.