Medioa: Berria
Kritikaria: Arkaitz Mendoza
Lehenik eta behin, zorionik beroena opa diot Andra Mari abesbatzari mende erdiko ibilbide honetan. Ez daude unerik gozoenean, baina Andoni Sierra zuzendari berriarekin fruituak epe laburrera iritsiko dira; pazientziarekin dena lor daiteke. Beethovenen 9. Sinfonia famatuan, orkestra, abesbatza, zuzendaria eta ahots laukotea ditugu entsalada honen osagai, baina honakoan abesbatzaren koroatzea edota orkestra sendo baten mirespena txalotu beharrean, inoiz azpimarratuko ez nukeen esparrua zoriondu beharrean nago: Ilse Eerens sopranoa, Marie-Claude Chappuis mezzo-sopranoa, Robin Tritschler tenorra eta Thomas E. Bauer baritonoa sinfonia erraldoi honen poztasuna izan ziren. Laurak izugarri, baina, noski, hauek liluratzean, sinfonia honen pisu eta enbor diren orkestra eta abesbatza bazter batean uzten ditut: norberak atera ditzala ondorioak.
Philippe Herreweghe zuzendari famatuak Adagio molto e cantabile dantza giro eroan gidatu zuen. Hemengo edozeinek podiumetik horrelako interpretazio bat eskainiko balu, miseriak, irainak eta denetik leporatuko genizkioke, baina Herreweghe handiari ea zein ausartzen den zerbait esaten. Bada zuzendaritza oso ahula izan zen, baina oso, Alemaniako orkestrarik onenetako bat beren kalitatea ezin erakutsi zebilen maisuaren irizpideak jarraitzeko azaldutako sekulako esfortzuagatik; hara hor, Sinfoniako triangeluaren sarrera ulergaitza edota abiadura makaltze-azeleratu une bakoitzean harizko instrumentuek sufritutakoa. Ikuskizun handi honetan, abesbatzaren sarrera ez da gizonezkoen lehen deialdian hasten, tinbalaren bat-bateko inbasioan zutik jartzen direnean baizik, eta horretan makal aritu zen Andra Mari, entzuleria bisualki harrapatu gabe. Hitz jarioa bigunegia orkestrako bolumen handietan, eta orokorrean abeslari kopurua murritza izan zen alemaniarrek zekartzaten botere printzak aurreikusita. Politegi abestu zen, Herreweghe imitatuz burua partituran sartuta, aurrera begira eta pisu handiko soinu zuzen elektriko bat hedatu beharrean. Oro har, gehiago espero nuen kontzertu honetaz, baina podiumeko lana ikusita, osagai guztiak kaltetuta atera ziren.