Jose Luis Ansorena Miranda donostiarrak Harmonia, Konposizio eta Piano ikasketak egin zituen Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin Donostiako Musika Kontserbatorioan. 1942an Altsasuko Kaputxinoen Apaizgaitegian sartu zen, eta han apaiz eta musika ikasketak tartekatu zituen. 1953an apaiz ordenatu zuten eta ondorengo urteetan Iruñean, Zaragozan eta Errenterian zuzendu zituen koruak.
Errenteriara iritsitakoan, Andra Mari Abesbatza eta Parrokiako Gaztedia sortu zituen 1966an. Garai berean Karnaba Zortzikotearen zuzendaria izan zen. 1967an Orereta haur korua sortu zuen; 1972an Alai emakumezkoen zortzikotea, eta 1976an Oinarri gazte korua.
Euskal musikagileek sortutako musika hedatzeko asmoz, Musikaste jaialdia sortu zuen Errenterian 1973an. Ondoren, 1974an, ERESBIL Musikaren Euskal Artxiboa sortu zuen Errenterian, euskal musika ondarea gordetzeko asmoz.
Organo-jotzaile lanetan aritu zen apaiz lanetan ibili zen leku guztietan. Euskal musikarekin zerikusia zuten musikagileei buruzko ikerketa ugari egiteaz gain, artikulu, liburu edo katalogo asko idatzi zituen, hala nola, Aita Donostiaren biografia, txistua eta txistulariei buruzko monografia eta baita Norberto Almandoz, Jose Maria Usandizaga, Pablo Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak ere. Musika erlijioso eta koru musika ere konposatu zituen.
Egindako lan horri guztiari esker Errenteria erreferente bihurtu zuen musika arloan, interpretazioan ez ezik, Euskal Herriaren musika ondarearen kontserbazio eta hedapen lanetan ere.
2019ko maiatzaren 1ean hil zen.