2008, abuztuak 18

INDARGE

Medioa: BERRIA

Kritikaria: ARKAITZ MENDOZA

Bihotzak lehertzerainoko opera zuen buruan Bizetek. Honako honetan ez da kantu erakustaldirik azaleratzen, ezta zailtasun handirik ere, baina sentipenak gartsu irakiten antzeman behar dira obra honetan. Polit kantatzeak ez du ezertarako balio, odoltsu, sutsu eta adoretsu piztu behar baita entzuleria Carmenen amodio ilunen narrazioan. Arraza, ijitoen izerdia, burugaltze uneak eta bihotzaren taupada eroak Nancy Fabiola Herreraren erakustaldian soilik topatu ziren, beste denak polit kantatzearekin aski zuten egin beharrekoa.

Fabiola Herreraren begiradak edonor lur jota eta bihotza pil-pilean uzteko modukoa zen, hori behar baitu Carmenek. Ur korronte ikaragarri bat bailitzan agertokiko edozein ederreztatu zuen bere sentsuzko ahotsarekin, hauxe baita auditorio osoa zoratzeko bide bakarra; norberak bere rola saihetsetan iltzatu eta nork bere gain hartzea. Garmendia donostiarrak egokitasun dotorezia irudikatu zuen bere mintzaldi bakoitzean, Villarren Don Joserekin duo eztitsu bat eskainiz. Azken horren jarduna zalantzagarri izatetik maila eusterainokoa izan zen, goi esaldikapenen amaieretan ahotsa estu sentitu arren. Escamilloren rolean genuen Odena baxua gogotsu aritu zen.

XIX. mendeko Andaluziako ingurugiroa argilun azaldu zuen eszena arduradunak. Distira indartsuko Sevilla hirian eguzkiaren agerpenik ez sentitzeak asko goibeldu zuen opera bera. Harritzekoa izan zen erregeen jauregietan edota etxean dugun edozein sukaldeetan arrunt aurki dezakegun axuleiu gardena ijitoen zolu bihurtu izana. Muntai ulergaitz honetan, abesbatzak ulergaitz baita ere.

Frantses hizkuntzaren ahoskera guztiz aldrebesa izan zen Andra Mariren ahotan, kolpeka eta tenko gainera. Easoko mutil koxkorrak maila hobea eman zuten, nahiz eta azken agerraldiko hasierako uneetan hutsegite larriren bat paira. Euskadiko Orkestrak dotore aritu zen agerraldi hasieretako musiketan baina bai bakarlari bai abesbatzarekin tempi bateratasun arazo larriak jasan zituen. Ez ziren zuzeneko hankasartzeak izan, ikaste prozesuan, zuzendariaren burupe handiago baten faltan, musika zirrikitu oro argi sakondu ez delaren ondorioa baizik.