Medioa: BERRIA
Orixe-k honela itzuli zituen Stabat Mater-en lehen hitzak; «Zutik Gurutze ondoan, Ama samiña zegoan, ta Semea zintzilik. Aren anima ituna ezpatak urratu zuna, an zegoan larririk». Olerki horren edertasunaz hainbat konpositore baliatu izan dira. Antonin Dvorak txekiarrak ere bere bizitzako une latzenean hiru seme-alaba galdu zituen egunotan entzuteko aukera izan dugun Stabat Mater oratorioa sortu zuen.
Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari Abesbatzak eskaini duten bertsioa maila altukoa izan da. Andra Marik lanaren pisua eraman zuen, konpositoreak horrela eskatzen baitu. Badauka abesbatza honek berea den soinu ardente bat, ahotsen proiekzio berezi bat, naturala eta beroa, dizdiratsua eta espektakularra baino gehiago. Tenorrak bikain aritu ziren lehen konpasetik. Baxuen sokan indar handia somatu genuen nahiz eta une batzuetan (jaitsiera kromatikoetan) kalante aritu ziren. Soprano eta tronpa nagusiaren unisonoa lehen partean, bereziki ederra. A capella-n eta orkestrarekin, uneoro maila altua izan zuten Andra Marikoek. Bakarlarieri buruz asko esan daiteke. Laukoreak ez zuen orkesta eta koruak bezain ondo funtzionatu, nahiz eta ahots ederrekoak izan laurak. Aghova sopranoak ahots polita dauka, arina, baina hemen hotz egon zen. Oprisanu altoak lauetatik ahots ederrena zeukan, baina baita txikiena ere. Vacik tenorrak tinbre aparta dauka, baina estiloa eta moduak falta zaizkio. Plech baxuak grabe bikainak dauzka baina proiekzio eta dikzio ilun samarrak.Euskadiko Orkestra oso ondo aritu zen, atal guztietan ondo egindako lana erakutsi zutelarik. Mandeal zuzendariak bertsio ederra eskaini zigun, aberatsa, detaileetan oso zaindua, lanaren minbera eta bukaerako argia ( Paradisi gloria) erakutsiz.