29 de marzo, 2007

ODOLEZ BUSTITA

Medio: BERRIA

Crítico/a: ARKAITZ MENDOZA

Narratzaileak xehatzen dituen lehen hitzak dira: odolez bustita. Honela zapuztu zituzten judu eta errusiarren gorpuak. Nazien mendeku eta gorroto kutsuek ez zuten norabide zein mugarik. Kiev hirian Babi Yar izeneko amildegi parean erail zituzten 34.000 judu. Sarraski horren egile Alemaniako SS-en komandoak ditugu. Jevgeni Jevtushenko idazleak berri hau agertu nahi izan zuen Babi Yar izeneko poeman. Shostakovitx bera kontaketan deskribatzen den gerratearen partaide izan eta gero, kaltetu gisa zehazki, interes berezia azaldu zuen poema honen musikan.

Hamahirugarren sinfoniak baditu kantata eta suite koral baten ezaugarriak. Gertaera historikoak, errusiarren eguneroko eginbeharrak eta beren uste eta pentsamoldeak aipatzen dira. Bost pasarte ezberdin tartekatzen dira ordubeteko obra handi honetan. Horretarako berezitasunen bat dugu; kanpaiak, zelesta, pianoa eta bi harpa izango dira partaide obra erraldoi honetan, bakoitza bere une garrantzitsuaren jabe izanik.

Hasierako Babi Yar atalak tronboien lana nabarmentzen du. Sendo eta boteretsu agertu ziren; abesbatzako gizonen aldarrikapen motzekin batera, beharrezko tentsio dramatikoa azpimarratuz. Orkestratik at narratzailea genuen, Elorriaga jauna. Ideia paregabea da errezitatzailearen rola plazaratzea; Shostakovitxen ideien sormena poema bera denez, azken hau musikarekin tartekatzen joatea… baina emaitza nahiko xumea izan zen. Elorriagaren ahoskerak asko harritu ninduen. Lau silabako hitz luzeak azkenaurreko silaban finkatzen zuen azentuazioa, bere lana guztiz ulergaitza izanik. Gainera, obra ulertu barik sentitu genuen, pasarte amaieretako pianissimo uneetan eserlekutik altxa eta hizketan hasten zelako, musika eten aurretik. Inguru hauetan ditugun errezitatzaile bikainen falta bota nuen egia esanda.

Umorea izeneko ataleko tempo arazoak, Beldurrak txataleko biolontxeloak alper -beti besteen atzetik musika jarioan- eta azkeneko Karrera pasartean fagot bakarlaria orkestraren afinaziotik at. Abesbatzak soinu bakarreko agerraldiak zituen orokorrean, momentu bakoitzean behar zen sentipena argi helaraziz, nahiz eta nota baxuetan hitz-jarioa ulergaitz bilakatu. Kotchinian baxuak emankor eta sentiberatasun apalez landu zituen bere esanak. Hala ere, mamitsu eta barnerakoi sentitu zen obra oro har, Victor Pabloren lana egokitasunetik atera gabe. Hitzen odol bustitzeak ez zituen partaideak guztiz koipeztatu, sinesgarritasun eza agian.